XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sartu orduko ia atzera egin neban.

Txabolako giroak geratuazo egin ninduan.

Itogarria zan, higuingarria, kiratsez betea.

Estreinako bafadeak okada gogor bat eragin eustan.

Larri ibili nintzan goragaleari eutsi ahal izateko.

A ze higuina! Eta, antza zanez, bertan bizi zan mutikoa.

Bera, bere familia eta... Begiak barruko iluntasunera egokitutakoan ohartu nintzan bai gizakiak eta bai animaliak danak alkarregaz bizi zirala bertan.

Txirotasunagaz batera, begi-bistan egoan, zikinkeria zan nagusi leku haretan.

Hasieran, baina, itsututa egon nintzan, keak eta ilunpeak egindako atmosfereak itsututa; gerotxoago etxolako gauzak sortuz joan ziran, zirriborrotsu sortu ere, barrualde ilunean.

Zorionez, ez neban areriorik aurkitu; bai, ostera, bazter baten mutikoa ikusi.

Bere ama izango zanaren ondoan egoan.

Emakumeak ume bat eukan besoetan, eta ikaratuta begiratzen eustan, semeak lez.

Begirada bizkorra emon neutsan barruari.

Anabasea zan nagusi, itzikeriagaz batera, jakina.